(Ahotsa.info) Maialen Etxeberria Iruñeko Alde Zaharreko bizilaguna auziperatuen artean aurkitzen zen. “Terrorismoa goratzea” egotzi zien Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskaltzak, Gazte Danbada jaialdiaren harira; hemezortzi hilabete eta bi urte arteko kartzela zigorrak eskatu zituen haien aurka.

Espainiako Auzitegi Nazionalak absolbitu egin ditu “terrorismoa goratzea” egotzita epaitutako zortzi gazteak: Ernai gazte antolakundeko kide Irati Sienra, Gotzon Elizburu, Maialen Etxebarria, Mikel Button, Aitor Anda, Garazi Mugertza eta Mikel Moreno eta Topatu.info-ko kazetari Iraitz Salegi. Fiskaltzak hemezortzi hilabete eta bi urte arteko kartzela zigorrak eskatu zituen bakoitzarentzat, inhabilitazioaz gain.

Gazteak maiatzaren 28tik ekainaren 16ra bitartean epaitu zituzten Madrilen, 2013an Urduñan (Bizkaia) egindako Gazte Danbada jaialdiaren harira. Xabier Lopez Peña euskal presoa zena hil zen Ernairen sorrera jaialdia egiten ari zirela, eta haren heriotza salatu zuten Urduñan bildutako milaka gaztek, manifestazio batean. Ekitaldi nagusian ere aipatu zuten gertakaria, eta horregatik inputatu zituzten Ernaiko zazpi kideak. Topatu-ko kazetari Salegi, berriz, ekitaldi haren berri emateagatik. Kazetariaren kasua salatzeko agiri bat ere atera zuten, 500 hedabide eta kazetarik babestu zutena.

Zortzi gazteak ez ezik, Periko Solabarria zena ere inputatu zuten, Gazte Danbadako jaialdian parte hartu zuela eta. Azken orduan epaiketatik kanpo utzi zuten, osasun arazoengatik. Joan den astean hil zen ezker abertzaleko kide historikoa.

Lehen eguneko protesta ikertzeko eskatu dute

Lehenengo auzi saioan, gazteek protesta egin zuten epailearen aurrean, zutik jarri eta bizkarra emanda. Gazteak aretotik kanporatu zituzten, eta epaiketaren hasiera atzeratu. Orain, Topatu.info-k jakinarazi duenez, Torrejon de Ardozeko epaitegiari agindu dio Auzitegi Nazionalak protesta hura ikertzeko.