(Axier Lopez – Argia.eus) Hilaren 28an hasiko da Ernaiko zazpi kideren, Periko Solabarria Ezker Abertzaleko militantearen eta Topatu.info-ko kazetari Iraitz Salegiren aurkako epaiketa Espainiako Auzitegi Nazionalean. Guztiei “terrorismoa goratzea” leporatuta, fiskaltzak eta AVTren akusazio partikularrak 18 eta 24 hilabete arteko espetxe zigorra eskatu dute bakoitzarentzat.

Ernai gazte antolakundeko kideak ondorengoak dira: Maialen Etxeberria, Irati Sienra, Garazi Mugertza, Mikel Moreno, Aitor Anda, Gotzon Elizburu eta Mikel Button.

2013an Gazte Danbadaren ekitaldiaren egunean Xabier Lopez Peña preso politikoa espetxean hil izana salatu zuten. Hala azaldu du Ernaik epaiketaren data ezarri ondoren ateratako oharrean: “Frantziak eta Espainiak presoei ezarritako salbuespenezko neurriak salatu genituen bertan (Danbadan) bildu ginen gazte guztiok”.

Fiskaltzak eta AVT terrorismoaren biktimen elkarteak, terrorismoari gorazarre egitea leporatuta, bi urteko kartzela zigorra eskatu dute Ernaiko sei kiderentzat. Era berean, Ernaiko zazpigarren kidearentzat, Salegi eta Solabarriarentzat urte eta erdiko espetxe zigorra eskatu dute.

Epaiketa gazteriaren aurkako “eraso gogorra” dela azpimarratu du Ernaik: “Haien interesen aurka doazen ahotsak isilaraztea du helburu”. “Behin eta berriz kolpatu arren, konponbidearen bidean urratsak ematen jarraituko dugu. Epaitegietan eseri nahi gaituzte, baina ez gaituzte kaleetatik botako”, gaineratu dute.

Aste honetarko mobilizazioak deitu dituzte Euskal Herriko hainbat herritan:

Asteazkena

SORALUZE: 19:00etan elkarretaratzea plaza zaharrean

Osteguna

BARAKALDO: 20:00etan manifestazioa Bide Onera plazatik abiatuta

GASTEIZ: 19:30ean elkarretaratzea Andra Mari Zuriaren plazan

Kazetaritza ez da delitua

Euskal Herriko 468 kazetari,  kazetaritza irakasle eta argazkilari (93 hedabidetakoak) batu ziren “Kazetaritza ez da delitua” izeneko manifestura. Iraitz Salegiri babesa adierazteko eta uztailean indarrean sartuko den Mozal Legearen aurka egiteko sortu zen dinamika.