Periko Solabarria, ‘Mozal legea’-ren aurka egindako protesta batean, abenduan. Marisol Ramirez / Argazki Press

(Gotzon Hermosilla – Berria.eus) Fiskaltzak urte eta erdiko kartzela zigorra eskatzen du ezker abertzaleko kide historikoarentzat, 2013ko Gazte Danbadako ekitaldiaren harira. Ernaiko zazpi kide eta Iraitz Salegi kazetaria ere epaituko dituzte, auzi berean.

atorren ostegunean hasiko da Ernaiko zazpi kide eta Topatu-ko kazetari baten aurkako epaiketa, Gazte Danbada ekitaldian “terrorismoari gorazarre” egitea leporatuta. Periko Solabarria ezker abertzaleko kide historikoa ere epaituko dute; fiskaltzak urte eta erdiko kartzela zigorra eskatzen du 85 urteko militante historikoarentzat.

Horri eta beste barakaldar batzuek laster izango dituzten epaiketa, zigor eta isunei aurre egiteko, Libre! dinamika sortu da Barakaldon. Herriko 25 bat elkarte, sindikatu eta erakundek agiri bat plazaratu dute Solabarriari eta gainerako auzipetu eta zigortuei babesa emateko, eta ostegunean manifestazioa egingo dute Barakaldoko Bide Onera plazatik abiatuta, 20:00etan. “Eskubide sozial eta politikoen alde dauden guztiei” egin diete mobilizazioan parte hartzeko deia.

2013ko Gazte Danbada

2013ko Gazte Danbada ekitaldiaren harira epaituko dituzte Espainiako Auzitegi Nazionalean Solabarria, Iraitz Salegi Topatu-ko kazetaria eta Ernai gazte erakundeko zazpi kide (Irati Sienra, Gotzon Elizburu, Maialen Etxebarria, Mikel Button, Aitor Anda, Garazi Mugertza eta Mikel Moreno).

Terrorismoari gorazarre egitea leporatuta, fiskaltzak eta AVTren akusazio partikularrak bi urteko kartzela zigorra eskatu dute Ernaiko sei kiderentzat, eta urte eta erdikoa Solabarriarentzat, Salegirentzat eta Ernaiko zazpigarren kidearentzat.

Gazte Danbadaren egunean Xabier Lopez Peña preso politikoa hil zen espetxean. Ernairen ohar batean azaldu duenez, hori dela eta, Frantziak eta Espainiak presoei ezarritako “salbuezpenezko neurriak” salatu zituzten ekitaldi hartan.

Ernairen arabera, gazteriaren aurkako “eraso gogorra da” epaiketa hau: “Haien interesen aurkako ahotsak isilaraztea du helburu”. Hala ere, ohartarazi du “behin eta berriz kolpatu arren” konponbidearen bidean pausoak ematen jarraituko dutela: “Epaitegietan eseri nahi gaituzte, baina ez gaituzte kaletik botako”.